XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atzo hasi eta igandea bitartean, hirurogei ekitaldi izango ditu AEKanpadak

DV. DONOSTIA

Atzo hasi zen, Dimako aireportu zaharrean, AEKanpada.

Igande iluntzera arte iraungo du.

Zazpigarren edizioa da hau eta Egunero euskal kultura egiten eta bizitzen du leloa.

Bi urtez behingo festa da hau.

Dima Arratiako bailaran dago.

Eusko Trenbideak trenak eta autobusak jarriko ditu Donostiako geltokian ordu eta erdiro gaur eta bihar.

AEKanpadaren sarrera 3.000 pezeta kostatzen da.

Lau estalpe ezarri dituzte Zumeltzako zelaietan, ekitaldi guztiak eguraldiaren beldurrik gabe egin ahal izateko.

Eta lau horiez gain, beste estalpe erraldoi bat ere ipini da, 7.000 lagunentzako tokia daukana.

Bertan izango dira kontzertu nagusiak.

Zinemak, antzerkiak, literaturak, musikak, dantzak eta bertsolaritzak leku zabala izango dute AEKanpada honetan.

Guztira 60 ekitaldi antolatu dira eta berauetan 300 bat artista arituko.

Esate baterako, zazpi antzerki-taldek bederatzi emanaldi egingo dituzte.

Hain zuzen ere, taldeok jardungo dira: Xilipurdi, Antxieta, Bordaxuri, Goaz, Ekekei, Goizeko Izarra eta Etxebarriko Antzerki Taldea.

Bestalde, gaur bertan, eguerdiko 1.30etan, sortu berria den Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkarteak bere burua aurkeztuko du ofizialki.

Lazkao txiki atxiki

Bestalde, bihar arratsaldeko 3.30etatik aurrera, Lazkao Txiki atxiki deritzan ikuskizuna izango da.

Haurrak bertsoen mundura erakartzea du helburu.

Bertsozale Elkarteak antolatua da.

Bertsolari batzuk, bertsotan ez ezik, antzerkian ere arituko dira.

Musikari dagokionez, gaur Aiape, Gari, Lin Ton Taun eta Exkixu jardungo dira, besteak beste; eta bihar, dantzaldia Gozategi taldearekin.